Frischlich: “Kazetaritza demokrazia lortzeko derrigorrezko erreminta da”
- ikasleakalbiste
- 25 nov 2019
- 2 Min. de lectura
Nerea Lauzirika, Ane Recalde, Ihintza Zubiarrain eta Intza Trula
Azaroaren 11n hasi zen Ziberkazetaritzako Kongresuan, hainbat hizlari izan ziren, bai gaian adituak eta baita sektorean dabiltzan profesionalak ere.
Ziberkazetaritzako XI. Kongresuko lehen egun honetan, besteak beste bi hitzaldi eta mahai-inguru bat izan dira. Denak kazetaritzak interneten ondorioz jasan dituen eta oraindik ere jasaten ari den aldaketen ingurukoak.
Lena Frischlich Alemaniako Muenster unibertsitateko ikertzaileak eta Tine Ustad Figenschou Norbegiako Oslo Metropolitan unibertsitateko ikertzaileak propagandaren gaia jorratu zuten. Frischlichek manipulaziorako tresnatzat jo zuen eta hedabide alternatiboekin eta pseudo-erabiltzaileekin lotu zituen. Azken horiek, nahiz eta askok gehiengoaren ahotsa direla uste duten, ez dira pertsona errealak eta Lena Frischlich doktoreak jakinarazi zuenez, sare sozialetako edukiaren %50a sortzen dute. Tine Ustad Figenschouk gaur egungo hedabide alternatiboen ideologia eskuindarra azpimarratu zuen eta sare sozialak ultra-eskuindar aktoreen eragin eremu nagusietakoa direla baieztatu zuen. Eragin hori jendeak kazetariengan eta antzeko iturri klasikoengan konfiantza gutxi izateak ahalbidetzen du Ustaden arabera eta egoerari buelta emateko erantzukizuna kazetariei egotzi zien.
Gero egon zen mahai-inguruan ondorengo hizlariak izan ziren: Nacho Gonzalez, Canal campeones eta La media inglesa kanalak ditu YouTuben; Julen Hernandez Esnaola, Hola Julen kanala dauka YouTuben; eta Nerea Riesco, bere izena daraman kanala dauka YouTuben. Nahiz eta toki eta momentu desberdinetan ikasi zuten, hirurak ados agertu ziren unibertsitateko ikasketetan praktikari garrantzi gutxiegi ematen zaiola baieztatzean. Nacho Gonzalezek YouTubek telebistak sortu ezin duen “komunitatea” sortzen duela esan zuen eta plataformaren arrakasta faktore horrekin lotu zuen. Julen Hernandez aldiz “influencer” terminoari ematen zaion erabileraz aritu zen. Izan ere, bere arabera, modu negatiboan erabili izan dute hedabide tradizionalek eta YouTube kontsumitzen dutenak gutxiesteko ere erabili izan da. Nerea Riescok sare sozialen etengabeko eboluzioa azpimarratu zuen, Instagram YouTube jaten ari dela esanez.
Finean, hizlari guztiak, bakoitza bere estiloan, internet komunikazioarentzat izan den iraultza aztertu zuten. Halaber, iraultza horretatik onik ateratzeko bidea egokitzeko gaitasuna dela adierazi zuten.
Comentários